Zaron
Iturbide
| Atalburu handia, luzetasuna: 186 zm; goratasuna: 59 zm. Atalburu ttipia, luzetasuna: 103 zm inguruan; goratasuna: 29 zm inguruan. |
BACCALAVREVS PRESBYTER YTURBIDE HOC DOMICILIUM FECIT IN LAPIDE PRECANS DEVM TOTO CORDE ET ORE 1611 - 1572
Le prêtre Yturbide, bachelier, a construit cette maison de pierre, en implorant Dieu de tout son cœur
MURI CVM TECTO EIVUSDEM DOMICILII IMPETV VIOLENTI TURBINIS EVERSI CVRA RECTORVM ASCARAT ET HASPARN MAGNOQVE LABORE DOMVS DOMINI AD GLORIAM DEI VERE REPARATI 1787
Les murs et le toit de ce domicile, renversés par une tempête impétueuse et violente, ont été réparés par les soins des curés d'Ascarat et d'Hasparren avec grand travail, à la gloire de Dieu, 1787.
| Luzetasuna: 140 zm. Goratasuna: 31 zm. |
Janpierre Arbelbide
Abendoko lauan Zaroko herriak, Garazin, ohoratu zuen Janpierre
Arbelbide bere semearen heriotzeko mendeurrena. 1841an sortua Iturbidean,
1867an apeztu zen Baionan, Milafrangan egon bikario urte bat eta gero Hazparnen,
Hazparneko misionestetan sartzeko 1870an, Hor iraganen ditu biziko urte gehienak.
Gizon honek interesatzen ditu Ameriketako Euskaldunak.
Baionako diosesak zor dizkio Belokeko beneditarren komentua, honek
emanen baititu gero Lazkao eta Eztibaliz Hegoaldean, Niño Dios Argentinan
eta Sacred Haert Estadu Batuetan. Mauleko Agerrea frailetxea eta
Donibane Garazin Maiorga kolejioa ere Arbelbiden obrak dira. Bai
eta Hazparneko Galbarioa.
Hiru liburu idatzi ditu euskaraz : Bokazionea, Erlisionea eta Igandea.
Piarres Lafitten arabera, batzutan Axularren euskara baino ederragoa dauka.
Ideia aldetik, bere garaikoak da, Jainkoaren gaztiguak toki handia daukala.
Bainan baditu ikusmolde aurrerakoiak ere, hala nola apezek eskulanetik irabazi
behar dutela bizia : duela 40 urte Batikanok debekatu zituen apez langileak.
Hirugarren alor bat landu du Euskalherriko zortzigarren probintziaz kezkatu
baita. Interesgarriena gure ustez, nahiz porrot egin zuen. Hemeretzigarren mendeko
bigarren partean Iparraldetik jendea trumilka zihoan Ameriketara : urtean dotzena
bat ehun. Mende batez ehun milako bat, Iparralde osoak 140.000 bizilagun zeuzkalarik.
Sarrote trapista izan da hor gaindi ibili den lehena 1854an. Bainan trapista
zen beraz eta bere zuzendariek komentura itzul arazi zuten, hor gaindi urte
pare pasatu eta.
Mixel Garikoitzek berak bide hori hautatu zuen Betarrameko apezentzat eta lehenak
1856an joan ziren: Gimon, Arbustan eta Sardoi. Bainan euskaldun guti zuten eta
ez ziren Euskaldunetan mugatzen. Betarramistetan aipamen berezi bat merezi du
Lapitzek berak egin lanagatik bai eta Arbelbide akulatu zuelakotz harat joatera.
Beloken sartu behar ziren lehen bi fraileek, Bastres eta Duperuk, Ameriketara
joateko nahikeria izana zuten 1871an, Baionako apezpikuaren baimena ardietsia,
bainan Eiheralde Hazparaneko misionesten buruak gibela arazi zuen apezpikua
azken momentuan.
Arbelbidek bere osotasunean hartu zuen arazoa : Hazparneko misionestetaz
kongregazio bat eginik, helburutzat eman zien bere apaizei, Ameriketako anaien
apaizak izatea.
Kongregazioa 1887an sortu eta 1897an 20 apaiz, lehen botuak eginak zituzten
44 gazte eta beste 57 gazteago, bai eta dotzena erdi bat fraile bazituen.
Baionako misioneak segurtuak, bai eta eskutan zeuzkan Maule, Maiorga eta Hazparneko
kolejioak, eta apezpikuarekin akortean erabaki zuen lehen bi apaizekin (Beltzuntze
eta Mendiondo) Buenos Airesetara joatea. Hauek han instalatu zituen «
Casa de los Ejercicios » etxean, Independentzia kalean. La
Vasconiak aipatzen du horiek egin misione bat : « La concurrencia
que por noches ha ido aumentado, hasta el punto que se prolongara la mision
que debio ser de ocho dias a quince. » (Las misiones religiosas euskaras
en esta capital, La Vasconia, 1897.09.10. 410 or.).
Arbelbide bera Baionara itzuli zen, jakiteko apezpikuak ez zuela gehiago
kongregazio hori nahi ! Erromara joan zen Batikanoko baimena ardiesteko bere
kongregazioarentzat. Bainan debaldetan. Orduan zuen kongregazioa desegin apezpikuak.
Betaramistekin bat egitea asmatu zuen orduan, hauekin zirela Ameriketako
Euskaldunetaz arduratuko. Argentinako apezpikuen izenean mintzatu zen haren
alde Espinoza la Platako apezpikua. Hori ardietsi zuen. Apez, apezgai eta
fraile, 45 sartu ziren Betarramen. Kurioski berak ez zuen azken urratsa egin
eta Baionako apezpikuak… kalonje edo kanonigo izendatu zuen: nonbait
zerbait huts egin baldin bazuen, nekez ikusten dugu ohorezko titulu hori ematen!
Erretiro predikatzen eta kofesatzen iragan zituen azken urteak supituki hiltzeko
1905an, urtarrileko 28an. Hil zelarik azpimarratu dute nolako barnearekin
iretsi zuen baztertze hori eta bere ametsaren porrota. Deus gertatu ez balitz
bezala bizi izan zituen azken urte horiek.
Hil zelarik 1905an, Arbelbidek 100.000 libera utzi zituen Lazkaoko beneditarren
komentuak apaizak forma zitzan Ameriketako Euskaldunentzat : ikusten dugu
Belokeko beneditarrek Paranan sortu Niño Diosen komentuak egin zuela
lan hori. Bai eta Estadu Batuetan sortua zuten Oklahomako komentuak Kalifornian.
1945an hil zen Espelette, Kaliforniako Euskaldunekin ari izan zen azken frailea.
Baionari doakionaz, 1960a igurikatu behar izan da lehen apeza harat igortzen
ikusteko (Luro, Kaliforniara).
Ez dugu argitu ahal izan zer gertatu zen Jauffret
apezpikua eta Arbelbiden artean artxiborik ez baita Baionako apezpikutegian.
Batikanoko eta Betarrameko apezen artxibotan irakurtu dugunetik iduri luke
botere arazo bat izan dela. Jadanik oso nekez onartuak izanak ziren betarramistak
Baionatik ehun eta piku kilometrotan. Gauza bera Baionatik 25 kilometrotan
Hazparnen, Arbelbidek zeukan dinamikarekin? Apezpikuek gogotik onartzen zituzten
monja kongregazio berriak, bainan ez apez kongregazioak, apezek meza ematen
baitute, kofesatzen eta predikatzen, eta kongregazio batetan diren ber ez
baitu nahi duena egiten ahal haiekin apezpiku batek. 348 emazte kongregazio
sortu ziren Frantzian 19. mendean, eta gizonezkoenak, 52 baizik ez!
Erromara igorri gutun batetan Jauffretek dio Iparraldearen ahalak mugatuak
zirela apezen aldetik. Hazparneko kongregazioak Baiona apezez husteko arriskua
izan balitz bezala. Bainan datuak hor daude. Apez berrien kopuruak beti gora
egin du 50 urtez eten gabe : 79 apez berri izan ziren 1860ko hamarkadan eta
115 1900koan. Gainera urte oroz apezgaiak errefusatzen zituzten diosesako
seminario ttikian, toki eskasez, nahiz seminario hau bai eta Seminario handia
handituak zituzten.
Arbelbidek egin bazuen huts zenbait nolaz ez du apezpikuak
beste buru bat izendatu kongregazioan, bere lana segi zezan bereziki Ameriketan?
Harrigarri da nolaz artzain horrek beregisa utzi zituen bere artaldekoak ziren
hoinbeste mila Euskaldun, apezak bazituelarik eta harat joaiteko prest ziren
apezak.
Xipri Arbelbide
Xipri Arbelbide
| Zaron, Iturbidearen aintzindegia |
| Zaroko elizaren kalostrapean, Ihturbide etxearen hilarriak |
Aucun commentaire:
Enregistrer un commentaire